XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aitak. - Gure aldetan gutiz gehienak gorriak dira.

Diote bizkitartean idi beltza ona dela beti, xuririk balin badu hatzetan edo buruan; bertzenaz tontoa eta gogo hilekoa dela.

Gorria dagokate hobeentzat laneko.

Su gehiago du bere baitarik, eta hori ez da guti, ezen badakizu idia azienda dorpea eta urrats hurrikoa dela.

Idi zuriak berriz, ez dira gizentzeko baizik.

Gogoan hartzekoak direlakoan, neronek nabarmendu ditut, kolore gorriari suaren bitartez ematen zaion bizitasun sinbolo hori, eta baita idi zuria haragitako gizentzeko on izate, baina, laneko alfer izate hori ere.

Geroxeago ikusiko dugu idi zuriak bereganatzen duen alferkeria sinbolo hori xehekiago.

Dena den, laneko azienda guztietan egiten zelakoan nago bereizkuntza hori.

Esan nahi dut, azienda kolore gorrikoak bizienak eta langileenak, eta kolore zurikoak alferrenak eta motelenak bide zirela orohar euskal sinbologia zaharrean, eta beste herritako usantzan ere bai, segurunera.

Ongi ohartu baldin bazara, hor goian J. P. Duvoisinen ahotik jaso duzun esaldi batek honela zioen: xuririk balin badu hatzetan edo buruan

Koloreen gainean ari naizenez, puntu hau iraizean bederen aipatu gabe ez nuke utzi nahi.

Kopetan edo aztalondotan xuriguneak izateak dohai eta majikotasun oso bereziak ematen dizkio zenbait animaliari euskal sineskeran.

Hor dugu, orein ointxuria, basandereak iradoki maitasunaren adierazle.

Giro honen aztarna jasotzen du, esate baterako, Eñaut Etxamendiren pasarte honek:

Gauak Iuz izotz goizalderat.

Irabiako hegadian oihalak izoztuak atzemanen zituen orai Aurorak argi-zirrintean bere xango xuriez zebilela.

Hango oreiñen hatsa lanho xuri egiten zitakeen argizari hotzaren dirdiretan izai ederren zangar-elizetan.

Nola lo eginen zuen laminen bokata xuritan!".

Euskal sineste zaharrean ere, zazpi ahizpa dira Andra Mariak, gaueko ihintzetan elkarri bixita egiten diotenak, eta soinekoen puntilla xuria bustia salatari izanen dutenak.